|
Etxeko andrea. |
Etxeko langile etorkin askok ez dituzte jasaten dituzten tratu txarrak salatzen. Babes falta dute, eta lana galtzeko beldur dira.
Etxeko langile etorkinen %53k tratu txar fisiko edo psikologikoren bat jasaten dute. UGT sindikatuak emandako datu horrek baieztatu du hainbat emakume taldek eta arrazakeriaren aurkako eragilek aspaldian salatu izan dutena: emakume eta etorkin izateagatik andre horiek duten «zaurgarritasuna». Salaketa jartzeko babes falta eta beldurra dutela nabarmendu dute, eta horren aurkako neurriak hartzea galdegin diete erakundeei: berdintasun politikak indartzeko eta Atzerritarren Espainiako Legea indargabetzeko. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeei, berriz, salaketa jartzeko eskatu diete, eta haiek arreta oso bat jasotzearen alde egin dute.
Eusko Jaurlaritzak sexu erasoen inguruan egindako txosten batek ere agerian utzi du emakume horien babes falta.Andre horiei laguntzeko zerbitzu bat sortu dute Mujeres Con Voz, Getxoko Emakume Etorkinen Taldea eta Sortzen elkarteek. Con Vos da zerbitzuaren izena. Jaurlaritzarentzat txostena egiten aritu zirenetako bat da Mirian Ergon. Etxeko langile moduan lan egiten duten andre etorkinak sexu erasoak jasateko «oso zaurgarriak» direla nabarmendu du Ergonek. «Emakume eta etorkin izateagatik arrisku bikoitza dute. Matxismoa eta arrazakeria daude eraso horien atzean». Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko lege aholkulari Liz Quintanak gogorarazi du tratu txar horiek psikologikoak ere izaten direla askotan. «Mehatxuak, irainak, xantaiak... Askok jasaten dituzte». Horren adibide bat jarri du Ergonek: «Duela egun batzuk epaiketa batera lagundu nion etxe batean lan egiten zuen andre etorkin bati. Ez zioten uzten telefonoz senideekin hitz egiten, ezta ordenagailu bat izaten edo kanpoko jendearekin hitz egiten ere». Beste mehatxu batzuk ere egiten dizkiete, Quintanak azaldu duenez. «Esaten diete, adibidez, ez dituztela kontratatuko Gizarte Segurantza beren poltsikotik ordaintzen ez badute. Andre horiek lan bat topatzeko duten beharraz aprobetxatzen dira, haien desesperazioaz». Batik bat, lan egiten duten familiaren etxean bizi dira egoera gogorrenak jasaten dituztenak, SOS Arrazakeriako kide Brigida Ridruejok azaldu duenez.
Lan baldintza gogorrak dituzte. «Etorkinen kasuan, baldintza horiek are gogorragoak dira. Lanaldi amaiezinak dituzte, eta, askotan, ez dute paperik ere. Ondorioz, salaketa jartzeko beldur dira. Kanporatu egingo dituztela uste dute», argitu du Ergonek. Egunero ikusten dute emakume etorkinen artean beldur hori SOS Arrazakeriako egoitzetan. «Gure bulegora etortzea ere kostatu egiten zaie, asko eta asko beldurtuta etortzen dira. Atzerritarren Legeak halako egoerak betikotzen ditu. Bidegabea da hiru urte itxaron behar izatea lan kontratu bat aurkeztu eta egoera erregularizatzeko». Dena den, beldur hori bazter uzteko eskatu die Ridruejok. «Salaketa jartzen badute, gertatutakoa argitu arte ez dituzte kanporatuko. Gainera, epaia aldekoa bada, hau da, tratu txarrak jasan dituztela frogatzen bada, harreran hartu behar ditu herrialde horrek». Mezu argia eman du Quintanak: «Paperak izan edo ez, badira emakume batek onartu behar ez dituen gauzak. Oinarrizko eskubideez ari gara».
Hiruren esanetan, kontratua dutenak ere askotan ez dira ausartzen epaitegira jotzera: «Lana galtzeko beldur dira, eta ez egitea erabakitzen dute». Kasu askotan horixe da ustezko erasotzaileek erabiltzen duten mehatxua, Ergonek kontatu duenez. «Zerbait esaten badute kanporatu egingo dituztela esaten diete. Izan ere, badakite zein garrantzitsua den soldata hori andre horientzat. Sorterrian duten familiari bidaltzen diete dirua. Haiek aurrera ateratzeko duten modu bakarrenetakoa da».
Babes falta
Salaketa jartzeko babesik ere ez dute izaten gehienek. «Sorterrian duten familiari ez diote ezer kontatzen. Ez dute kezkatu nahi. Ezkutatu egiten diote zertan egiten dute lan. Lotsa ematen die goi mailako ikasketak izanda garbiketa edo zaintza lanetan ari direla kontatzea». Hemen, gainera, oso gizarte sare murritza dute, Ridruejok azaldu duenez. «Egun gehiena lanean ematen dute; beraz, oso jende gutxi ezagutzen dute. Dituzten lagun gehienak etorkinak dira. Haiek ere ezin diete askorik lagundu. Horrenbestez, oso bakarrik sentitzen dira salaketa jartzeko». Horregatik ari dira Con Vos zerbitzutik etorkin taldeekin lanean. «Haiengana iritsi nahi dugu, eta babes hori dutela jakinarazi. Baina, esan bezala, ez da erraza. Askok astean behin dute jai. Kostatu egiten zaigu haiengana iristea».
Jaioterrian ere jarrera matxistak jasan dituzte askok. «Uste dute emakume izateagatik dena onartu behar dutela, jasaten duten tratua normala dela». Hori aldatzea «ezinbestekoa» iruditzen zaio Ergoni. «Aztertzen ari gara, adibidez, haientzako jabekuntza ikastaroak antolatzea. Bertakoek bezala, argi izan behar dute berdintasunean bizitzeko eskubidea dutela».
Dena den, larriena zera iruditzen zaie: ustezko erasotzailearen gainerako senideek askotan izaten duten jarrera. «Garrantzia kentzen diote erasoari edo tratu txarrari, esaten diete ez dela horrenbesterako», esan du Ergonek. «Barrez» hartzen dutenak ere badira, Ridruejok salatu duenez. «Emakume askok entzun behar izan dituzte halakoak: "Begira, aitonak ipurdia ukitu dio". Askotan, barrezka amaitzen dute». Sinesten ez dietenak ere badira. Quintana: «Senideei sinestezina egiten zaie beren guraso edo aitona-amonek halakoak egitea. Askotan, lau emakumek pasatu behar dute etxetik sinesteko». Bidegabea iruditzen zaie emakume askoren inguruan dagoen sinesgarritasun falta. «Zergatik jartzen da zalantzan andre batek dioena? Zergatik aritu behar du beti tratu txarrak frogatzen? Etorkinen kasuan, gainera, zalantza horiek handiagoak izaten dira».
Ergonen irudiko, ezinbestekoa da salaketa jartzea. «Dena den, horrekin bakarrik ez da emakume horien egoera konpontzen. Hori bezain garrantzitsua da arreta integral bat ematea: laguntza juridikoa, psikologikoa...». Quintanak gogorarazi du, psikologikoki «jota» amaitzen dutela askok. «Lanaren gogortasunari aipatutako tratua gehitzen bazaio, imajina daiteke emakume horiek jasaten dute egoera». Laguntzen ari da Con Vos zerbitzua. «Pixkanaka etorkinak ari dira zerbitzua ezagutzen, eta espero dugu behar dutenek guregana jotzea».
Erakundeei arazoari bizkarra ez emateko eskatu diete. «Berdintasun politikak susta ditzatela, baina ez ahoz soilik. Benetako politika eraginkorrak behar dira, eta arazoari benetan heldu diezaiotela». Horrekin batera, Ridruejok argi du zein izan behar duen eman beharreko beste pausoa: Atzerritarren Legea ezabatzea. «Lege horrek etorkinen eskubideak urratzen ditu, eta baztertuak izateko arriskua areagotzen du».