|
Amher, Hernaniko Elkarte Multikulturala. |
Etxeko langileen eskubideen inguruko hitzaldia eman zuen AMHERek larunbatean. Arrazakeriaren aurkako martxarako deia ere luzatu du.
Etxeko Langileen Elkartearen laguntzaz, sektore horretan aritzen direnen eskubideen berri eman zuen AMHERek, larunbatean emandako hitzaldian. Bestalde, igande honetan Trintxerpetik Donostiara egingo den ‘Zurrumurruen aurkako Martxan’ parte har-tzeko deialdia luzatu du.
Ezjakintasunari aurre
AMHER elkarteak dio etxeko langileek ez dituztela beren eskubideak ezagutzen. Horren aurka egiteko, hitzaldi bat eman zuen, joan den larunbatean, Biterin. Kontratatzaileek eta langileek kontuan hartzeko hainbat klabe eman zituen. Batetik, 4 asterako edo gehiagorako lana eskainiz gero, beharrezkoa dela kontratu idatzia egitea. Kasu guztietan, derrigorrezkoa da Gizarte Segurantzan izena ematea. Bestetik, etxeko lanez gain, ardura handiagoko lanak eginez gero (haurren edo adinekoen zaintza, adibidez), soldatan gehikuntza egitea beharrezkoa dela. Oporrei dagokienez, urtean 30 egun eta 14 jaiegun eskaini behar dira. Informazio gehiago behar duenak AMHERera jo dezake, 667 710 928 telefonora deituta. Etxeko Langileen Elkarteak berriz, doaneko aholkularitza juridikoa eskaintzen du.
Arrazakeriaren aurka
Bestalde, igande honetan, 11:30etan, Trintxerpetik Donostiara egingo den XV. Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako mar-txan parte hartzeko deia luzatu du taldeak. Hernaniko geltokian, 10:20etan, jarri dute zita.