Aprendiendo a Convivir EDEXTwitter



















ActualidadListas todasBuscar noticiasBoletínDerechos de autor

Bizikidetza kudeatzeko gakoa, plaza
Eguna: 17.02.2012 | Iturria: www.berria.info

Tolosako kantu jiran, immigranteak euskaraz kantatzeko ekintza, artxiboko irudi batean. / BERRIA
Immigrazioa eta integrazioa hizpide izan dituzte dozenaka adituk, Eusko Legebiltzarrak eta Eurobaskek antolaturiko jardunaldietan; orainaz eta etorkizunaz eztabaidatu dute.

Jon Rejado Gasteiz


%46. Hiriburuetan bizi diren atzerritarrak.


Eremu publikoan ematen da bizikidetza, eta bertan ikuskatzen da non bizi garen; espazio publikoaren kudeaketa da elkarbizitzarako gakoa». Arkaitz Fullaondo Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiko ikertzaileak ezohiko lekuan jarri du immigrazioaren gizarteratze politiken jomuga: hirietako kaleetan, plazetan. Bertan ezaugarri bereziak biltzen direla gaineratu du. Hain zuzen ere, hiriak etorkin atzerritarren «sarrera ateak» direla gogorarazi du; hau da, hirietan hasten direla bizimodu hobe baten bila.


Eusko Legebiltzarrak eta Eurobask Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak antolatuta, Immigrazioa eta integrazioa: Euskadirentzako bi demak XXI. mendean jardunaldiak egin zituzten atzo, legebiltzarreko egoitzan bertan. Gaien artean, hirigintzaren eta immigrazioaren arteko harremana aztertu zuten, espazio publikoa gizartearen isla den heinean. Fullaondok azaldu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, bertakoen eta atzerritarren artean errespetua dagoela, baina elkarren arteko harremanik gabe. Kooperaziorik gabe.


Kalea bizitzeko modu ugari daudela gogorarazi du, eta atzerritarrek kalean egoteko joeraren zergatia azaldu: «Kalea era biziago batean bizi dute, eremu pribatuan egoera txarragoa dutelako». Hau da, etxeko baldintzak zenbat eta txarragoak izan, orduan eta kalean egoteko joera handiagoa. Ordea, bertoko hiritar askok ez dute begi onez hartu kalearen erabilera hori, Ikuspegiko azterketetan agerian geratu denez.


Zenbait esparrutan ghetto hitza erabili den arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horrelakorik ez dela gertatzen nabarmendu du Fullaondok. «Chicagoko ghettoa gurean izateko beldurra dugu, baina ez da testuingurua ematen: etorkin gutxi daude, ongizate estatua dugu...». Fullaondok azaldu du, gehienez ere, kontzentrazioak gertatzen direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kale edo atari jakin batzuetan, ez gehiago.


Haatik, gogorarazi du immigrazioak kaleak biziberritzen izan dezakeen eragina. Batetik, saltoki handiak irekitzen hasi zirenean, denda txiki askok itxi egin zuten, eta atzerritarrek horien lekukoa hartu dute. Bestetik, auzoak gaztetzen dituztela ohartarazi du, eta Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Nou Barris gogora ekarri: 1960ko hamarkadan hiriko auzo zaharrena zen; eta 2010ean, berriz, gazteena, batez besteko adina kontuan hartuta.


Integrazioa eta lehen arreta


Eusko Legebiltzarreko jardunaldietan integrazioari buruz hitz egin arren, Unai Martin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakasleak ikuspuntua zabaldu du. «Etortzen direnen arreta ere ez da ahaztu behar, gurekin daudenen integrazioaz gain». Egun heltzen diren atzerritarrak duela lau urte heltzen zirenak baino gutxiago direla onartu arren, 2005eko eta 2006ko datuen modukoak direla gaineratu du.


Heltzen diren etorkinei arreta egokia ematearen garrantziaren adibidea gertu dago, Martinen iritziz. Euskal Herriko historia hurbilean horren adibideak badaudela azaldu du, industrializazio garaian Euskal Herrira heldu ziren etorkinak kasu. Nabarmendu du lehen urteetan pairatu zituzten bizi-baldintza eskasek gaur egun haien osasunari buruz duten pertzepzioan eragin dutela.


Bestetik, Martinek zehaztu du immigrazioa ezin dela ikusi «konponbide demografikotzat». Ohartarazi du immigrazioa etorkizuneko konponbidetzat jotzeko arriskua dagoela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahartzea eta jaiotza tasa apalak ikusita. «Gure artean etorkin atzerritarrak egoteko arrazoia baldin bada langileak behar direla, arriskua dago lanik ez dagoenean pertsona horiek nahi ez izateko».


Hezkuntzak ere bere lekua izan du Immigrazioa eta integrazioa: Euskadirentzako bi demak XXI. mendean jardunaldietan. Felix Etxebarria EHUko Pedagogia katedradunak ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxeen artean dagoen aldea nabarmendu du —batez ere publikoetara doaz—, baita A eta B ereduen alde egiten duten apustuaz ere: «Euskara ez jakiteak geroko elkarbizitzan eta laneratzean eragin dezake».


Cristina Gortazar Europako Batasuneko Jean Monnet Zuzenbide katedradunaren ustez, atzerriko immigrazioari buruzko ikuspuntu orokorrak «fokatze desegokia» du. «Mugikortasunerako tresnak egin dituzte, baina mugimenduen kontrola lehenetsi dute». Europan onartu diren azken araudietan Europako Batasunak indarra galdu duela azaldu du, estatuek bereganatu dutela.


Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazi du gobernuei dagokiela «pertsonen joan-etorriak» erregulatzeko arauak jartzea. «Arau jakin eta justuak» izan behar dutela gaineratu du, ez hesiak jartzeko, baina fluxua «ordenatzeko». Krisi ekonomiko garaian immigrazioak «tentsioak» eragin ditzakeela ere gaineratu du, eta horren «erabilera politikoa» egitearen aurka agertu da.


 EDEX 2007-2015