Aprendiendo a Convivir EDEXTwitter



















ActualidadListas todasBuscar noticiasBoletínDerechos de autor

Harreratik integraziora
Eguna: 08.02.2012 | Iturria: www.berria.info

Gemma Zabaleta batzar batetan.
Etorkinen kopuruak behera egin duenez horiei laguntzeko irizpideak moldatu egin behar direla azaldu du Gemma Zabaletak. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Sailak III. Immigrazio Plana aurkeztu du.

Jon Olano

«Soilik harrera lanak egiteari utzi, eta etorkinak gizarteratzen hasi». Urrats hori egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletaren arabera. Jakinarazi du egoera ekonomikoak okerrera egitearen ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etorkinen kopuruak bi urtean nabarmen egin duela behera; immigrazio fluxuak «egonkortu» egin direnez politika publikoen ardatza aldatu egin behar dela gaineratu du: «Lehen, [ardatza] harrera zen; orain, berriz, integrazioa eta bizikidetza dira».


Zabaletak Immigrazioaren, Herritartasunaren eta Kultura Arteko Bizikidetzaren III. Plana aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. 2011 eta 2013 bitartean jarraitu beharreko irizpideak zehaztu dituzte planean. Iragan urteko azaroaren 8an onartu zuen Jaurlaritzak, eta atzo eztabaidatu zuten legebiltzarrean. Orotara, testuari eginiko 92 ńabardura onartu zituzten.


Datu bati heldu dio Jaurlaritzak gizarteratzea jomugan izateko: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkinen %89,6k ez dute asmorik bost urte baino lehenago joateko, eta %75,9k dute bertan behin betiko gelditzeko asmoa. «Immigrazioa geratzeko asmoz etorri da», dio Zabaletak.


Bost lan ildo izango ditu Gizarte Gaietako Sailak. Etorkinei, besteak beste, hezkuntza, etxebizitza eta enplegu alorretan laguntzeaz gain, erakundeen arteko lankidetza ere landuko du Jaurlaritzak, «gutxieneko adostasunak» erdieste aldera. «Zubiak eraikitzea komunitate ezberdinen artean zubi izatea» da Jaurlaritzaren asmoa, Zabaletaren esanetan.


1. Lankidetza


Atzo aurkeztutako plana immigrazio arloan eginiko hirugarrena izango da, eta aurrekoekin emandako pausoak gogorarazi ditu sailburuak. Erakundeak «kontzientziatzea» lortu zuen aurrenekoak, eta helburuak eta tresnak zehaztu zituen bigarrenak. Orain, etorkinei laguntzeko politika publikoak «heldutasun fasean» daudela uste du Zabaletak, eta ezinbestekotzat jo du aldi horretan bizikidetza sustatzeko politikak egituratu eta egonkortzea.


2. Heziketa eta enplegua


Enplegua «oinarrizko alderdia» da gizabanakoen eta gizartearen garapenerako, testuan jasotzen denez: «Migrazio mugimendu askoren arrazoi ere izaten da». Prestakuntza eta enplegu eskaintzaren berri ez dutenez, etorkinek lan egiteko duten aukera sarritan oso txikia da. Oztopo hori gainditu eta lana topatzen duten askok badituzte, ordea, traba gehiago. Hasierako urteetan babes gabezia eta lan baldintza kaskarrak izan ohi dituzte, Jaurlaritzaren arabera. Hortaz, Gizarte Gaietako Sailaren lehentasuna da etorkinei lan merkatuan sartu eta topatzen dituzten mugak eta eragozpenak ezabatzen laguntzea.


Zabaletaren arabera, enpleguak epe labur eta ertainera ziurtatzen du gizarteratzea. Hezkuntza da, berriz, epe luzera etorkinak bertakotzeko «gakoa»; alor horretan, eskola porrotari aurre egin nahi dio Jaurlaritzak: «Ikasle izan daitezkeen etorkinek hezkuntza sistemaren barnean jarraitzeko estrategiak bilatu beharko dira». Ikastetxeei «behar adina baliabide» emango die Jaurlaritzak helburu horretara ailegatzeko. Gainera, hezkuntzako eragileak kulturartekotasunaren eta eskola barneratzailearen ikuspegiaren alde batu nahi ditu Zabaletak. Planak, ordea, ez du helbururik zehazten euskara ikastearen inguruan. Eta datuak ez dira batere itxaropentsuak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako %82,9 etorkin A ereduan ari dira ikasten, eta soilik %9,1 D ereduan.


3. Gizarte zerbitzuak


Etorkinek etxebizitzarako, osasun sistemarako eta zerbitzu publikoetarako sarbide «normalizatua» izatea bermatu nahi du Jaurlaritzak. Horientzat «zaila» izaten da etxebizitza izatea, jabeek sarritan dituzten aurreiritziak direla eta. Gainera, lan egoera «oztopo» izan ohi dute osasun sistema publikorako sarbidea izateko, eta beste horrenbeste gertatzen da hizkuntzekin, gizarte zerbitzuak eskuratzeko. Egoera hori iraultzeko, zerbitzu publikoetako langileak «kultura aniztasunaren kudeaketan» trebatuko ditu Jaurlaritzak, eta etorkinei «bereziki» eragingo dieten programak sortuko ditu: «Planaren helburu nagusia hauxe da: programa guztietan eskatzailearen ezaugarri, premia eta aniztasuna kontuan izatea. Horri guztiari aniztasunaren kudeaketa esaten zaio».


4. Parte hartzea


Etorkinek gizarteko hainbat alorretan duten parte hartze publikoa «ez da nahi bezain oparoa», dio Zabaletak. Etorkinen elkarteetan biltzen dira sarritan, eta, kideen arteko elkargune izateaz gain, gizartearekin elkar eragiteko plataforma ere izan dira elkarteak. Hala ere, elkarteetatik harago joan ezean, baztertuak geratzeko arriskua atzematen du Jaurlaritzak; hortaz, etorkinek sindikatuetan, kultura arloko erakundeetan eta abarretan parte har dezatela sustatu nahi du: «Atzerritarrak kanpoko eta arrotz ikusten dituen pertzepzioa gainditzeko ahalegina egin behar dugu».


5. Arrazakeria


Zabaletak ezagutarazi duenez, etorkinen laurdenek aitortu dute arrazakeria egoerak bizi izan dituztela noizbait. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa Soziologikoko Kabinetearen arabera, bost urtean nabarmen egin du gora immigrazioa arazo gisa antzematen duten herritarren kopuruak. Krisialdi ekonomikoek aurreiritzi xenofoboak elikatzen dituztela dio Gizarte Sailak txostenean, eta, horregatik, jokabide horien aurkako borroka indartzearen aldekoa da.


Jaioterrian, arrazan edo erlijioan oinarritutako bazterketa kasuak saihesteko, informazio sistema «sendo eta egonkorra» ezarri eta diskurtso publiko «barneratzailea» sustatuko du Jaurlaritzak.

 EDEX 2007-2015